XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nazio bat zenbat eta demokratikoago, ilustratuago eta askeagoa izan, hainbat eta gehiago haziko da jeinu zientifikoa interesen arabera baloratzen dutenen kopurua, eta industrian berehala aplikatzeko moduko aurkikuntzek orduan eta probetxu, aintza eta botere gehiago emango diete aurkitzaileei;

zeren eta demokrazietan, lan egiten duen klaseak parte hartzen baitu arazo publikoetan, eta klase horren zerbitzura daudenek ohorea nahiz dirua espero dezakete berorrengandik.

Erraz imajina daiteke horrela antolaturiko gizarte batean giza izpirituak teoria baztertzera joko duela oharkabean, eta, aitzitik, kemen paregabeaz bultzatua sentituko dela aplikaziorantz, edota behintzat aplikatzen dutenentzat beharrezkoa den teori zati horretarantz.

Instintuzko joera batek giza izpiritua adimenaren eremu gorenetarantz jasotzen du alferrik, interesak erdi-mailakoetara ekartzen baitu berriro.

Hor hedatzen du bere indarra eta jarduera pausagabea, gauza miresgarriak sortaraziz.

Amerikar horiek beroriek, mekanikaren lege orokorretako bat bakarra ere aurkitu ez dutenek, munduaren itxura aldatzen ari den makina berri bat sartu dute nabigazio-arloan.

Jakina, ez dut inola ere esan nahi egungo herri demokratikoek giza izpirituaren argi traszendenteak itzaltzen ikusi beharko dituztenik, ezta horien baitan berririk piztuko ez denik ere.

Gu bizi garen munduaroan, eta industri irrikak etengabe asaldatzen dituen hainbeste nazio ilustraturen artean, zientziaren zati ezberdinak elkarren artean batzen dituzten lokarriak ezin dira begi-bistatik desagertu; eta praktika-zaletasunak berak, ilustratua bada, teoria ez baztertzera eraman behar ditu gizakiak.

Hainbeste aplikazio-saio eta egunero errepikaturiko hainbeste esperientziaren artean, ia ezinezkoa da, sarri ez agertzea, lege oso orokorrak; honela aurkikuntza handiak sarri egingo dira, nahiz eta asmatzaile handiak bakanak izan.

Bestalde, nik sinesten dut bokazio zientifiko handietan.

Demokraziak ez badu jendea zientziak zientzia hutsaren ikuspegitik lantzera eramaten, bestalde ikaragarri gehitzen du horiek lantzen dituztenen kopurua.

Ezin da sinetsi, hain jendetza handiaren artean, noizean behin jeinu espekulatzaileren bat sortuko ez denik, egiaren maitasunak bakarrik pizten duena.

Ziurta daiteke hau ahaleginduko dela naturako misteriorik sakonenetan sartzen, edozelakoa izanik ere bere herrialdeko eta garaiko izpiritua.

Ez dago horren garapenari lagundu beharrik; aski da ez geldiaraztea.

Esan nahi dudan guztia hauxe da: (...)